XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Analitikoa: Ikaslea urratsez urrats aritzen da; urratsak argi samar adierazita daude; ikasleak matematika, ekuazioak edo logika erabiltzen ditu sarri samar, eta ekinbide argi adierazia.

Intuitiboa: Problemak soluzionatzeko ikuspegi honetan, norbanakoak inplizituki hautematen du jakingaia, eta sarritan soluziora iristeko zein urrats eman dituen argi eta garbi jakin gabe lortzen du erantzuna; agian ez da gai izango erantzuna nola lortu duen egoki deskribatzeko.

Ebaluazioa, ikasleei problemak banan-banan aurkezteko moduan diseinatu zen, ebatzi ahala zer pentsatzen zuten deskriba zezaten.

Saio hauetan izandako elkarrizketa grabatu egin zen, ondoren analizatzeko.

Helburua, norbanako bakoitzaren erantzunak aztertzea zen, eta kategoria intuitiboan edo analitikoan sailkatzea.

Sailkapen hauek ez ziren hartzen analitikotik intuitiborako continuum baten barruan, baizik eta bi continuum bereizi gisa.

Gainera, ebaluazio honek ez zuen neurtzen gure lehen ikerketan problemak ebazteko gaitasuntzat jotzen genuena, zeren eta hau problema idatzien ebazpenean izandako arrakastan oinarritzen baitzen, eta beharbada bai gaitasun analitikoa eta bai gaitasun intuitiboa erabiltzea eskatzen zuen.

Hain zuzen, Thorsland-ek zehatzago bihurtu zuen gure definizio zaharra eta neurtutakoa bi gaitasun desberdinetan bereizi zuen.

Txosten xehetua argitaratu da Thorsland-en ikuspegiaz (Thorsland eta Novak, 1974).

Fisika 101-102ko A-T ikastaroaren ikaste-denboraren neurri ona genuenez, bagenuen kalkulatzerik ikasterakoan izandako eragingarritasuna deitu geniona, alegia minutuko edo ikaste-orduko ikasitako kopuruaren indizea.

Ikasterakoan eragingarritasuna zenbaterainokoa den jakiteko modu bat errendimenduaren neurketa baten puntuazioa, ikasten emandako minutu edo ordu-kopuruaren artean zatitzea da.

Thorsland-ek minutuak erabili zituen A-T ikastegian ikaste-denboraren neurri gisa, eta Fisika 101-102 irakasgaiko lehen eta azken azterketetako errendimendua.

Balio hauek erabiliz, gaitasun analitiko eta intuitiboko hainbat kategoriatako ikasleek ikastean zuten eragingarritasuna kalkulatu ahal izan zuen.

Thorsland-en lana aurreratu ahala, agerian jarri zen gaitasun intuitiboan eta/edo analitikoan puntuazio altuak zituzten ikasleek askoz gaitasun horietan puntuazio baxuak zituztenek baino hobeto egiten zituztela ikastaroko azterketak.

Gure ikerkuntza-taldean funtsezkoa zen arrazonamendu-hariari jarraituz, pentsaera intuitiboa eta analitikoa ikastearen eredu ausubeliarrarekin nola erlaziona zitezkeen galdetzen hasi ginen.

Arazo hau konferentzia eta mintegietan jorratu genuen, eta konklusio honetara iritsi ginen: pentsamendu intuitiboa problemak ebazteko modu bat da, zeinetan hasierako soluzioak goi-mailako kontzeptuek iradokita datozen, ondoren, behe-mailako kontzeptuen bitartez, beste interpretazio batera pasatuz, problemaren soluzio espezifikoraino.